Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
5.3. Esleitutako baliabidea ematen atzeratzea (harrera, eguneko zentroa edo etxeko laguntza)
Arabako Foru Aldundiak etxeko laguntza-zerbitzua (EAZ) esleitzen atzeratu egin dela hauteman dugun zenbait kexa izapidetu ditugu. Atzerapen horiek batzuetan arrazoitu gabeak izan ziren. Aldundiari arazoaren berri eman eta gero, kexa horiek azkenean interesdunari zerbitzua esleituz ebazten ziren.
Ez zuten emaitza bera lortu Arabako Foru Aldundiak telelaguntzako zerbitzua esleitzen atzeratzea salatzen zuten herritarren kexek. Mendekotasun-egoeran zegoen adinekoa I. gradua II. mailan edo I. gradua I. mailan zegoela balioetsi zuten espedienteak ziren. Nahiz eta horrela balioetsitako pertsonentzat AMALen jasotako zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko eskubidea ez zen gauzatzen 2011ko urtarrilaren 1era arte edo 2013. urtera arte, hurrenez hurren, uste genuen interesdunei, oso adin handia izateagatik, 80 urte baino gehiago, eta osasun-egoera makala izateagatik, beren eskaera beteko zitzaiela, Araban apirilaren 24ko 39/2007 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorraren 2. puntuan ezarritako babes-maila osagarriari jarraiki.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) zerbitzu hori ematea zergatik ukatu duen erantzutean xedapen iragankor horren eskumeneko izaerari eusten dio –"GOFEk, 39/2006 Legearen 14.6 artikuluan aurreikusitako lehentasun-irizpide berak aplikatuz, telelaguntzako zerbitzua esleitu ahal izango die mendekotasuneko 1. gradua dutela balioetsi zaien pertsonei"– eta 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, aipatzen du. Horrenbestez, zerbitzuaren katalogazioa lehen mailako arretakoa dela esaten du, eta zerbitzu horren eskumena Eusko Jaurlaritzari ematen dion eskumen-marko berria aipatzen du.
Bigarren kontu horri buruz Administrazioari adierazi diogu 12/2008 Legearen zazpigarren xedapen iragankorraren edukiak, erabiltzailearen ekarpen ekonomia arautzen duen Dekretuari dagokionez, eta xedapen horren interpretazio analogikoak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoari buruzko Dekretua aipatzen duenak, ondorio hauek aterarazten dizkigula: garapen-araudi hori onartu arte, arlo horretan indarrean dauden xedapen arauemaileak aplikatuko direla Legea indarrean sartu arte.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako informazioaren arabera, telelaguntzako kudeaketa ez da onartuko 2011ko ekitaldira arte[76].
Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorrak xedatzen du eskumenak berriz banatzeak eta ondoriozko finantza-doitzeak, inolaz ere, ez dituztela legea indarrean sartzeko datetan zeuden prestazioen eta zerbitzuen intentsitate- eta estaldura-mailak murriztu behar.
Gasteizen bizi den biztanleria zalantzaz ikusten ari da I. graduko mendekotasun-egoeran dauden pertsonei mendekotasun-egoeran ez dauden beste pertsona batzuek (pertsona autonomoak, haien arreta udalaren eskumena da) erabiltzen duten zerbitzu bat eskuratzeko aukera ukatzen ari zaiela, eta zenbait baldintza betetzen dituztela, paradoxikoki, haiek ere betetzen dituztenak.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren garapen koherentearen eta orekatuaren ikuspuntutik edo zuzentasun-irizpideei jarraiki prestazioak eta zerbitzuak eskuratzezko ikuspuntutik, ulertzeko zailak diren ustezko kasuak dira.
Telealarmako zerbitzuaren onuraduna den pertsona autonomo baten ustezko kasua planteatu beharko litzateke, I. graduan dagoen mendeko gisa balioestearen ondorioz, zerbitzu hori eskuratzeko eskubidea galdu duena. Zalantzarik gabe, egoera horrek zalantzan jartzen du 12/2008 Legearen 7. artikuluaren f) atalean jasotako arreta jarraituaren printzipioa ("… arreta jarraitua eta integrala izango dela bermatu beharko du, nahiz eta administrazio edo sistema bat baino gehiago jardun"), aipatu Euskal Sistema zuzendu behar duena, edo lege horren ikuspuntu komunitarioa, pertsonak bere ohiko bizilekuan egoteari lehentasuna eman nahi diona (14. artikulua).
[76] Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak hau jakinarazi zigun, 49/2009 ofiziozko espedientearen markoa: "EAEko lurraldeetan gaur egun ematen diren sistemei buruz egindako azterketak agerian uzten du desberdintasun handia dagoela prestazio-mailetan, eskuratze-betekizunetan edo prezio publikoetan, telelaguntzako sistemaren baitan. Hori dela eta, beharrezkotzat jo da analisi xehakatuko lan bat egitea, 2011. urtean EAE osorako zerbitzu homogeneo bat, Eusko Jaurlaritzaren titulartasuna izango duena, gure gain hartzeko moduan egoteko".